XX. mendeko Euskararen Corpus estatistikoa

Testuingurua

Etxera bila joatea bururatu zitzaion une batez Arkadiiri, baina gero, aldeko eta aurkakoak neurtu ondoren, Yulian Mastakovitch joan ez bazen eginbehar garrantzitsuren batzuk geldieraziko zutela etxean pentsatu zuen nahiko zuzen, eta ez zela oso bidezko haietatik lekoratzea.

Zain geratu zen beraz, eta orduak izugarri luze egin zitzaizkion.

Schumkovi enkargatua zioten lanaz zerbait jakin nahi izan zuen, baina inork ezin izan zion ezer esan.

Zekiten bakarra zera zen, Yulian Mastakovitchek Schumkoven ardurapean uzten zituela sarritan lanak, baina ezin zioten gehiago esan.

Hirurak jo zuten azkenean eta Arkadii Ivanovitchek presaka utzi zuen bulegoa.

Irteeran lankide batek geldierazi eta, ordubata aldean Vasilii Petrovich Schumkov etorri zela esan zion, Arkadii Ivanovitch eta Yulian Mastakovitch han zeuden galdezka.

Berri honek, lehen zuena baino ere ezinegon handiagoa sortu zion Arkadiiri... Iristeko presaz, kotxe bat hartu zuen.

Etxera bidean, haren bihotzestura handiagotuz zihoan.